Kazetaritza Matxistaren Behatokia
Kazetaritza Matxistaren Behatokia da Unibertsitate-Enpresa-Gizarte deialdiaren barruko ikerketa eta transferentzia proiektu bat. Proiektuaren ardatza da periodismomachista.com webgunea, eginkizun duena argitara ateratzea eta kategorizatzea hedabideetako jokabide sexistak, matxismo motaren arabera, profesionalak -emakume nahiz gizon- aldentzeko jokabide horietatik.
Egitasmo honetan lanean ari dira Bitartez ikertaldea eta Pikara Magazine aldizkaria, feminismoei buruz gaztelaniaz gehien irakurtzen den hedabidea. Albiste sexista bakoitzean, aldizkariak azaltzen du zergatik den matxista, hedabideak erreakzionatu duen ala ez (informazioa editatuz, ezabatuz edo esplikatuz), eta hobetzeko proposamen bat egiten du. Behatokiaren asmoa da material didaktikoa sortzea, erabiltzeko bai bigarren hezkuntzako ikasgeletan bai komunikazio fakultateetan. Angeriñe Elorriaga eta Iker Merchán irakasleak dira proiektuaren zuzendariak.