Talde bateratua

Ikerketa eta dibulgazio zientifikoko talde finkatua da Bitartez. Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Kazetaritza Saileko taldea da, eta 2016an eratu zen, erakunde akademikoaren eta komunikabideen arteko konbergentzia sustatzeko asmoz. Sortu zenetik, irakaskuntza eta kazetaritzako jardun profesionala berrelikatzen ditu Bitartez plataformak, informazioaren eta ezagutzaren gizarte globalean. Bitartez taldearen esku hartzeko gaitasun eta ekarpen soziala hori aintzat hartua izan da 2021eko Euskal Unibertsitate Sistemako Ikertaldeen deialdian, eta A kalifikazioa lortu du.

Bitartezek talde zabala du, ikertzailez, irakaslez eta prestatzen ari diren langilez osatua. Belaunaldiarteko eta diziplina anitzeko lantaldea da, Komunikazioaren hiru arloetan (Kazetaritza, Publizitatea eta Harreman Publikoak eta Ikus-entzunezko Komunikazioa) ibilbide luzea duten profesionalez osatua, eta Nazioarteko Harremanetako eta Ingeniaritzako ikertzaileak ere gehitu zaizkio. Taldearen ikerketa eta irakaskuntza jardueraren ezaugarriak dira transferentzia, ikerketa aplikatua eta lanbide munduarekiko lotura estua, taldeko kide guztiek Unibertsitateaz duten ikuspegiarekin bat; izan ere, Unibertsitateak esku hartzeko eta gizarteari ekarpena egiteko gaitasuna behar dituela uste dute.

Horregatik, Akademiaren bi eginkizun nagusien arteko etengabeko berrelikadura eskema baten arabera funtzionatzen du taldeak; hau da, ikerketaren eta irakaskuntzaren arteko berrelikaduran oinarrituta. Izan ere, errealitatearekin bat datorren irakaskuntza eredu eguneratu bat lortzen lagundu behar du ikerketak; eta irakaskuntzak, berriz, ikerketa jardueraren inspirazio iturri izan behar du. Irakaskuntzaren arloan, taldeko kideek akordioak bultzatu dituzte komunikabideekin, lanbide mundua eta irakaskuntzaren mundua elkarri hurbiltzeko asmoz; akordio horiei jarraiki, profesionalen hitzaldiak eta lankidetza puntualak egiten dira ikasleen eta hedabideen artean, horiek ematen dituzten irakasgaien esparruan. Halaber, Labak gaurkotasun laborategia bultzatu du Bitartezek; informazio edukiak kudeatzen eta banatzen dituen spin-offa da hori.

Honako hauek dira Bitartez taldearen ikerketa lerroak:

  1. Komunikabideak, korporazioak eta publikoa
  2. Komunikazioko profesionalen profilak eta trebetasunak
  3. Generoa, komunikazioa eta irakaskuntza
  4. Desinformazioa, alfabetatze mediatikoa eta kazetarien erantzukizuna
  5. Nazioarteko komunikazioa

Bitartez taldeak erakunde eta entitate hauen finantzaketa izan du: