Euskal Herriko Unibertsitateak “Birsortzen: Kultura loratuz” ekitaldia egingo du Bizkaia Aretoan martxoaren 26an

  • Jardunaldiak pandemia garaian kulturak duen garrantzia sustatzea helburu izanik, artea, literatura eta musika uztartuko ditu
  • Bizkaiko Errektoreordetzaren, Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatearen, Ikus-entzunezko Komunikazioa eta Publizitatea Sailaren eta Kazetaritza Sailaren babesa du
  • Ekitaldia Bitartez ikerketa taldeak antolatua da eta EHUkulturak sustatua

“Birsortzen: Kultura loratuz” izendatutako kultur ekitaldia egingo du Euskal Herriko Unibertsitateak Bizkaia Aretoko Baroja Gelan 2021ko martxoaren 26an. Jardunaldiaren helburua, euskal kulturaren parte diren pertsona desberdinak bildu eta gaurkotasunari helduta, bakoitzak bere arlotik egindako ekarpenak zabaldu eta ezagutzera ematea da, euren ibilbidea eta testigantzak elkarbanatuz. Ekitaldia euskaraz eta gaztelaniaz egingo da.

Goizeko 9:30etan hasi eta 13:30ak arteko iraupena izango du. Ekitaldia dinamizatzearen ardura Edurne Garmendia Gaztea Irratiko esatariak izango du. Irekiera, Gorka Moreno Márquezek, Bizkaiko Campuseko errektoreodeak eta Simon Peñak, Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko dekanoak, egingo dute eta honen bidez emango zaio hasiera goizari. Ostean, Cristina Lizarraga Belako talde mungiarraren abeslariak unibertsitatetik irten eta emakume desberdinen testigantzak bildu eta ahotsak aditzera ematen dituen “Quítame la culpa” fanzinea idatzi arte izandako ibilibidearen inguruan hitz egingo du. Honekin batera, fanzinearen ikustrazioaz arduratu den Alejandra edo “@culomala” bezala ezaguna den ilustratzailea ere arituko da hizketan.

Jarraian, Jone Laspiur donostiar aktoreak jardungo du. Aktore berri onenaren saria jaso du Laspiurrek hilabete honetan emandako Goya Sarietan David P. Sañudok zuzendutako Ane pelikulan egindako lanarengatik. Azkenik, Olatz Salvador bakarlari donostiarrak azken hizketaldia eskainiko du. Azken honek, euskal musikaren egoeraren inguruko nondik norakoei buruz mintzatzeaz gain, ekitaldi amaieran 30 minutuko kontzertua eskainiko du. Itxiera ekitaldia Eva Ferreirak, Euskal Herriko Unibertsitateko errektoreak, egingo du.

Bizkaia Aretoko Baroja Gelak 70 pertsonarentzako lekua du, COVID-19aren neurriak direla eta. Bertaratu nahi duenarentzat UPV/EHUk web formulario bat jarriko du martxan www.birsortzen.eventbrite.com helbidean. Honen bidez, izen-abizenak beteta baieztatu ahal izango da asistentzia. Gainera, ekitaldia streaming bidez jarraitzeko aukera izango da.