Bitartezek gerra-kazetaritzari buruzko tailer-inmersiboa antolatu du UPV/EHUko XXIV. Zientzia Astean
- Mugarik Gabeko Erreportarien (RSF) laguntza du, eta gatazka eremuetara joaten diren kazetarien segurtasun-baldintzak herritarrei hurbiltzea da helburua
- Parte-hartzaileak kazetaritzako profesionalek gerren informazio-estalduretan erabiltzen dituzten segurtasun-ekipoekin jantziko dira
Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren XXIV. Asteak gatazka-kazetaritzari buruzko tailer inmbersibo bat eskainiko du aurten, Bitartez Ikerketa Taldeak antolatuta. Azaroaren 8an, ostirala, UPV/EHUko Bizkaia Aretoko Arriaga Aretoan (Bilbo) egingo den dibulgazio-jarduera honen helburua da herritarrei hurbiltzea zer segurtasun-baldintzatan lan egiten duten gatazka eremuetara joaten diren kazetariek. Diagnostiko hori JOSAFCON (Journalist Safety Research Project) ikerketa-proiektuaren barruan kokatzen da.
Nola bidaiatzen dute kazetariek gerra-eremuetara? Nola prestatzen dira gatazka batean zehar informazio-estaldura eskaintzeko? Nola egiten diote aurre haien segurtasunari? Horiexek izango dira, besteak beste, Kazetarien segurtasuna gerra-eremuetan, Mugarik Gabeko Erreportariekin (RSF) elkarlanean antolatutako tailerran landuko diren gaiak. Bertan, parte-hartzaileek kazetariek gerren informazio-estalduretan erabiltzen dituzten segurtasun-taldeak jantziko dituzte. Tailerrean Alfonso Bauluz kazetariak parte hartuko du, Espainian Reporteros Sin Fronteras-eko presidentea da eta Irakeko inbasioan, 2003an, marineekin batera enpotratuta kubritu zuen gatazka. José Miguel Seguela da gonbidatutako beste aditua, Lurreko Armadako Komunikazio Saileko Prentsa Bulegoko burua izandakoa, eta mota horretako estaldurak egiten dituzten kazetariak prestatzeko prozesuan parte hartu du azken hogei urteotan.
Publikoarekin elkarreragina
Publiko guztiari irekita, UPV/EHUko Bizkaia Aretoan tailer bereko lau saio izango dira: 17:00etan, 17:45ean, 18:30ean eta 19:15ean. Gerrako kazetariek erabiltzen dituzten segurtasun ekipoak jantzi ondoren, parte-hartzaileek bideo bat ikusteko aukera izango dute, komunikazioko profesional horiek segurtasun gaietan jasotzen duten prestakuntza laburbiltzen duena: ibilgailu blindatuak gidatzea, minak identifikatzea, lehen laguntza medikoak, etab. Tailerra María José Cantalapiedra, Maialen Goirizelaia, Oiane Díaz, Aingeru Genaut, Patricia Barron eta Izaskun Rodríguez ikertzaileek antolatu dute, eta Leire Iturregui Kazetaritzako irakasleak koordinatzen du, JOSAFCON proiektuko zuzendaria dena, María José Cantalapiedrarekin batera.
Tailerrak publikoarekin interakzioa bilatuko du, eta galderak egin ahal izango dizkiete parte hartzen duten profesionalei. Bideoa proiektatu ondoren, parte-hartzaile guztiei galdetegi labur bat betetzeko eskatuko zaie, beren ustez gerrak estaltzen dituzten kazetarien segurtasun-baldintzak zeintzuk diren azaltzeko. Inkesta osatu ondoren, tailerraren azken zatira sartuko dira, eta bertan, Nazioarteko gatazkak estaltzen dituzten kazetarien segurtasun-baldintzak (JOSAFCON) ikerketan jasotako emaitza batzuk azalduko dira. Ikerketa hori María José Cantalapiedra eta Leire Iturreguik zuzentzen dute, estatu maila eta europear beste hainbat unibertsitateko ikertzaileek eta medioetako profesional desberdinek osatzen duten taldea, eta Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Ministerioak finantzatzen du.
Kazetaritza UPV/EHUko XXIV. Zientzia Astean Jarduera mota: Tailerra Izenburua: Kazetarien segurtasuna gerra-eremuetan Lekua: UPV/EHUko Bizkaia Aretoa (Bilbo). Arriaga aretoa. Data: 2024ko azaroak 8, ostirala Ordutegia: 17: 00etan, 17: 45ean, 18: 30ean eta 19: 15ean. Iraupena: 30 minutu Publikoa: Publiko guztiak