Alfabetatze mediatiko eta informazionaleko proiektu europarra
QYourself egitasmoa, UPV/EHU buru duena, Europar Batasuneko Erasmus+ programak (2023-1-ES01-KA220-ADU-000153626) kofinantzatzen duen hedabide eta informazio alfabetatze proiektu bat da. Proiektu honen bidez, ezagutzak eta kazetaritza materialak emango dizkiegu hainbat hezkuntza etapatako irakasleei, aurre egin diezaioten ikasgelan desinformazioari.
Proiektua oinarritzen da UPV/EHUn funtsezkoak eta elkarren osagarri diren bi jakintza arloren arteko aliantza estrategiko batean: Kazetaritza eta Hezkuntza. QYourself-en lantaldea osatzen dute UPV/EHUko irakasle-ikertzaileek, bai Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko Kazetaritza Sailekoek, bai Bilbo eta Gasteizko Hezkuntza eta Kirol Fakultateetakoek. Ikertzaile nagusiak dira María José Cantalapiedra, Kazetaritzako katedraduna eta Bitartez taldeko ikertzaile nagusia, eta Dorleta Apaolaza-Llorente, Matematika, Zientzia Esperimental eta Gizarte Zientzien Didaktikako irakaslea Arabako Campuseko Hezkuntza eta Kirol Fakultatean, eta Gizarteak, Prozesuak eta Kulturak (VIII-XVIII. mendeak) ikertaldeko kidea.